2015(e)ko irailaren 20(a), igandea

TEKNOLOGIA ETA GENEROA


 Aurreko sarreran idatzi dudan bezala, argi dago teknologia eskaintza eta hau erabiltzeko era aldatu egin direla urteetan zehar, izan ere, nik Lehen Hezkuntzan egiten nuena eta gaur egungo haurrek adin berarekin egiten dutena ez da berdina. Lehen, ez zegoen internetdun mugikorrik eta ez zegoen horrenbeste bideojoko eta ordenagailu jolasik. Bestetik, egia da, eskaintza aldatu egin bada ere, arlo honetan mutilen eta nesken arteko desberdintasuna ez dela oraindik amaitu.

 Umea nintzenean, Ikastolan, generoen arteko desberdintasunik ez nuen nabaritu: denok liburu berdinekin ikasten genuen, egiten genituen lanak berdinak ziren eta teknologiarik erabiltzen ez genuenez ez nuen klasean desberdintasunik jasan mutilekiko. Jolasorduan ordea, interes ezberdinengatik bultzatuta, edo hori da pentsatu nahi dudana behintzat, neska eta mutilen arteko banaketa nabariagoa zen: mutilak futbolean aritzen ziren eta neskak edozein txoko txikitan hitz egiten. Baina kasu honetan, teknologiez hitz egitea tokatzen zaidanez ez naiz gai honetan sartuko eta eskola kanpoko eremuan egiten den teknologia erabilerara mugatuko naiz.


 Teknologia (haurrentzat batez ere), beti egon da mutilei bideratua, nahiz eta neskek ere honen erabilera erregularra egin. Gameboy, Playstation, ordenagailuko jokoak...mutilen gauzak direla uste izan da beti. Neskek panpinekin jolas dezatela, mutilek kotxe eta borroka jolasetara jolasten duten bitartean. Hori sartu digute buruan txikiak ginetik, dena bi atal nagusietan bereizten baita : neskentzat eta mutilentzat.

Gameboy Advance Sp
 Adibide bat jartzekotan, Gameboy Advance Sp konsola atera eta hortik denbora batera neskentzako gameboy-a larroxa sortu zuten: Gameboy Advance Sp Girls Edition.  Zergatik ordea bereizketa hori? Neskak larroxa den zerbait behar ahal dugu guretzako dela sentitzeko? Ez zait batere ondo iruditzen. Berdina gertatzen autoen bideojokoekin, izan ere, telebistako anunzioetan beti agertzen da mutilenbat jolasten. Panpinen jokoa baldin bada berriz neska bat. 



 Ordenagailuko jokoen orrialdeetan ere, honela bereizten dira joko desberdinak: autoak, borroka, akzioa, sukaldaritza...eta azkenik: nesken jolasak. 

 Normala da gaur egun ere mutil eta nesken arteko desberdintasuna egotea, oraindik horrelako bereizketak ohikoak baitira  XXI.mendean. Hau aldatu beharrean gaude, eta etorkizuneko irakasle izango naizen bezala hau lortzeko borrokatuko dut.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina