2015(e)ko irailaren 15(a), asteartea

HAURTZARORA BUELTA



Kaixo lagunok!
 Nire blog berriari sarrera bat eman nahian nago, beraz nire burua aurkezten hasiko naiz. 19 urteko neska arrasatearra naiz eta Libe Alvarez dut izena. Orain dela urtebete hasi nintzen Donostiako Magisteritza Eskolan ikasten, eta bigarren urte honetan, IKT-ko arloan, lan hau egitea bidali digute.


Arimazubi 
Arrasateko Arimazubi ikastolan ikasi nuen bi urte nituenetik hamabi urte nituen arte. Ez dut urte haietan bizi nituen momentuak baino oroitzapen hoberik, izan ere, nire bizitza lagunekin egotera eta klasera joatera mugatzen zen. Goizeko bederatzietan sartzen nintzen ikastolara, nire anai nagusiaren eskutik helduta eta irribarre batekin ahoan. 

 Gustuko nuen egunero lagunekin elkartzea, haiekin klaseak ez baizitzaizkidan batere pisutsuak egiten. Esan beharra dago ere, gauza desberdin ugari egiten genituela, horrek klaseko dinamika hobetzen zuelarik. Inori gustatzen ez zitzaizkion, baina nik gogoz ikasten nituen ingeleseko abestiak oroitzen ditut, baita IDZtan(ikastetxeko liburutegia)lurrean eserita ikusten genituen pelikulak ere. Korrika igotzen genituen eskailerak, film horiek gustora ikusteko kojin erosoenak lortzea baitzen gure kezkarik handiena.
Baina dudarik gabe, eskulanak eta marrazkiak egiten gozatzen nuen gehien, liburuak alde batera utzi eta nire sormena lantzeko aukera ematen zidatenean. 3.zikloan taldeka egin genuen komikia dut gogoan, baita patio estalia pintatu genuen eguna ere.

Aratusteak
 Gaur egungo haurrek ez bezala, lehen hezkuntzako ikasle nintzean, liburuen eta CDen bidez ikasten nuen, ez baitzegoen orain bezainbesteko teknologia eskaintzarik. Goizero klasera joaten nintzean, ez neraman smartphonik poltsikoan, gure garaian ez baitzegoen holakorik. Badirudi, esan berri dudanarekin, 19 urte baino askoz gehiago ditudala, baina ez, unibertsitateko bigarren urtean besterik ez nago, eta teknologiak izugarri garatu dira azken urte hauetan. Honekin batera, eskoletan edukiak eman eta lanak egiteko era ere aldatu egin da, baita hemendik irteterakoan denbora librea aprobetxatzeko modua ere.

 Lehen Hezkuntzako ia etapa guztian zehar, klasetik irtetean, aitak nire etxe eta eskola ondoko plazatxo batera eramaten ninduen, non beranduago nire kuadrilako kide izango zirenekin igarotzen nuen arratsalde guztia. Berehala iristen zitzaigun denoi etxera joateko ordua eta horrenbeste gorrotatzen genuen dutxa ordua iristen zitzaigun. Afalorduan etxekoei egunean zehar egindakoa kontatzen nien pozez. Garai hartan teknologiarekin nuen kontakturik handiena kaseteak, telebista eta gameboy-a ziren. Nahiago izaten nuen gainera egun osoa lagunekin pasa, IKT-ekin baino.

Lehen Hezkuntza (6.maila)
 Urteak pasa ahala ordea, gauzak aldatzen joan ziren: mugikor berrien agerpena, nintendoaren fama, internet, telebistako programa ugariak...eta horrekin batera, gaur egun ere irauten duen teknologia berrien munduan murgildu ginen denok, taberna bateko terrazan lagun guztiok mobilari minuturo begira bukatu dugun arte. Tristea da, bai, baina tristeagoa da 10 urteko haurrak gure egoera berdinean ikustea. Non geratu dira gaua erori arte irauten zuten ume jolasak? Eta umeengandik horrenbeste miresten dugun inozentzia?


 Hala ere, normala da gaur egungo egoera, eskoletan eta ikastetxeetan teknologiekin uneoro baikaude kontaktuan. DBH-tik aurrera hasi nintzen ni aldaketa hau nabaritzen, informatika arloarekin batera. Batxilergoko bi urteetan ere, ordenagailuko Moodle plataformaren bidez egiten genuen dena, apunteak Drive-n edota Word-en egitera ohitu ginen arte. Haurrak, gero eta lehenago hasten dira horrelako gauzekin, baina saihestezina da bizi garen gizarte honetan.

 Bukatzeko, esan dezaket, ez nukeela nire haurtzaroa munduko mugikor garestienarengatik ere aldatuko, zoriontsu izan baitnaiz 19 urte hauetan.

Hurrengoarte!








2 iruzkin:

  1. kaixo Libe:
    Ongi, dexente idatzi duzu. Gustatu zait zure testua. baina etiketak jarri egin behar dituzu publikatzen dituzun sarreretan .
    mila esker egndako lanagatik
    joxemi

    ErantzunEzabatu