Aurreko astean Amando, Amara Berriko IKTko arduraduna, etorri zitzaigun hitzaldi bat ematera. Horren arira, taldekideok hitzaldiaren inguruko sintesi bat egiteko gelditu ginen.
Hasteko, Amara Berriko sistemari buruzko azalpen batzuk eman zizkigun, hobeto ulertzeko klasean duten dinamika. Txokoen bitartez egiten dute lan, eta zikloka daude bereizita ikasleak. Esaterako, hirugarren eta laugarren mailako ikasleak elkarrekin daude gelan, honek lan kooperatiboa helburu duelarik. Gainera, ez dute testu libururik erabiltzen, nahiz eta liburutegia informazioa bilatzeko tresna moduan oso erabilgarria egiten zaien. Irakaslearen funtzioa pasiboagoa bihurtzen da eta haurrek lantzen dituzten proiektu guztiek dute zertarako bat.
Bestalde, IKTko atalean zentratuta eskolan erabiltzen diren Hedabideen inguruan hitz egin zigun eta hauen ezaugarri batzuk aipatu zizkigun: lehenik, hedabide hauen helburu nagusiak eskolan egiten diren lanei zentzua ematea eta IKT-en mundua sakontzea direla esan zigun; bigarrenik,egunero dagoela Hedabideen espazioa irekita eta ikaslea guztiek parte hartzen dutela bertan; hirugarrenik, egunero bi ikasle desberdin egoten direla espazio honetan tekniko lanak egiteko eta guztira kurtso osoan zehar ikasle bakoitzak 60 ordu igarotzen dituela bertan esan zigun; eta azkenik, kate moduan egiten dela lana, ikasleek batak besteari azaltzen diolarik tresneriaren funtzionamendua.
Honekin jarraituz, Amara Berri eskolan irratia, telebista, egunkaria eta txikiweb-a lantzen zirela aipatu zigun eta egia esan asko harritu gintuen eguneroko albisteak egunkari batean txertatzen zituztela entzuteak. Gainera, irratiari dagokionez, eskolako web orritik entzun daiteke eta baita irratian eskolatik gertu egonez gero. Telebista geletan ikus dezakete,eta haiek egiten dituzte albistegiak editatu ostean ikusten dituzte. Azkenik, txiweb-ean idatzi egiten dute baina lan hau 3.zikloko ikasleei dagokie.
Hitzaldia oso interesgarria iruditu zitzaigun, izan ere, ezagutzen ez genuen sistema bat azaldu ziguten eta honek lagundu zigun praktiketara begira apur bat prestatzeko.
Gaur arratsaldean, Adunako eskolan lan egiten duen irakasleetako bat etorri da majisteritzako 2.mailako ikasleoi hitzaldi bat ematera. Bera Iñaki Pagola da, 68 ikasle dituen eskola bateko maisu, ingelesa eta IKT-etan aditua(dominioak kudeatzeaz eta dokumentuen segurtasunaz arduratzen da).
Adunako eskola
Eskola txikia izanik, Haur zein Lehen Hezkuntzako ikasleak ez dira mailaka sailkatzen, izan ere laugarren, bosgarren eta seigarren mailakoak batera egoten dira, baita bigarren eta hirugarrenekoak ere(eta horrela maila guztietan).
Hemen, guk gure garaian ez bezala, proiektuen bitartez egiten dute lana. Ez dute testu-libururik erabiltzen, ordenagailuak, tabletak eta mugikorrak baizik. Arlo denak beraz, proiektuen bitartez lantzen dira. Matematikak ikasteko adibidez maketak erabiltzen dituzte, neurriak ateratzeko eragiketak eginez. Azken finean, ikasi beharreko gauza guztiak egunerokotasunean dauden egoerekin lotzen dira, gauzak zentzu batekin eta ez buruz ikasiz.
Adunako eskola, heldutasun eredua deritzon horretan, maila aurreratuan aurkitzen da, izan ere, IKT-ak erabiltzen dituzte edozer gauza egiteko. Eredu honetan aurkitzen diren beste bi mailak hasierako a eta ertaina lirateke, Euskal Herriko eskola gehienak bi hauetako batean aurkitzen direlarik.
Google apps-ekin etengabeko kontaktuan daude, honek eskaintzen dituen doaineko baliabideez baliatuz(Blogger, Drive, Calendar, Classroom, posta elektronikoa...)
Google apps
Honen arira, garrantzitsua da esatea irakasle guztiek kuaderno digital bat dutela, Drive eta Sites bezalako programekin egina. Hemen honako gauza hauek landu eta jasotzen dira: klase bakoitzean egingo dena, ikasleen asistentzia, jarduerak, denboralizazioa, landutako konpetentziak, edukiak, ebaluazio irizpideak... Azken finean, eskola honetako irakasle kopurua txikia izateak elkarlana sustatzen du, izan ere, kuaderno berean idazten dute guztiek, horrela denek denon informazioa edukiz eta alderatuz. Bileretako aktak ere, metodologia honekin jasotzen dituzte: egun bakoitzean iraskasle bat arduratzen da erabaki eta hitz egindako gauzak Driven idazteaz. Horrela guztiek ikusi eta eduki dezakete batek jasotako informazio guztia, lana azkartuz eta erraztuz.
Goian aipatu dudan eta niretzat berria den Classroom app-aren inguruko azalpen txiki bat ere eman digu Iñakik. Bertan, irakasleek lanak bidaltzen dizkiete ikasleei, hauek drive-aren bidez burutu eta ondoren igo egiten dituztelarik. Behin igota, irakasleak lan horiek zuzentzen ditu, baina ez ordea erantzun zuzena emanez, pista eta arauak jarriz baizik. Honek, irakasleari interesgarriak iruditzen zaizkion linkak jartzeko ere balio du, ikasleek eguneratuta egoteko eta gauza berriak ikasteko aukera izanik.
Calendar-en ere, irakasleek bilerak, ikastaroak eta gauza garrantzitsuak idazten dituzte(norbait egun batean eskolara joan ezin badaiteke adb.). Horrela guztiak azken berrien jakinpean daude.
Bestetik, aipatu beharra dago, Adunako eskola, Alkiza eta Berrobi eskolekin dabilela elkarlanean. Horretarako Moodle plataforma komun bat dute, informazioa trukatu eta zein gai landuko diren azaldu ahal izateko.
Blog-ari dagokionez, irakasleek klasean egindako lanak zein bideoak(ingeleseko arloan egindako batzuk ikusteko aukera izan dugu hitzaldian) igotzen dituzte eta ikasleek klase orduetan hauen inguruko iruzkinak idazteko aukera izaten dute, haien iritzia adieraziz eta gainontzeko lagunekin komentatuz.
Hitzaldia amaitzerakoan, Iñakiri galderak egiteko aukera izan dugu. Honako gauzak erantzun dizkigu: proiektuak beti desberdinak direnez gero, ez dira inoiz gauzak errepikatzen eta nagusiek txikienei laguntzen diete eskolan.
Azkenik, irakasleak aurkeztutako Power Point-aren amaieran honako esaldi hau irakurri genezake:
"GURE USTEZ, KALEAN EDO GIZARTEAN DAUDEN BERRIKUNTZAK ESKOLAN EGON BEHAR DUTE ETA HORTAN SAIATZEN GARA"
Hona hemen PLE-aren inguruan ikusi genuen Jordi Adellen bideoa.
Bideoaren laburpena:
PLE-ak Personal Learning Enviroment esan nahi du.
Jordi Adellek, bi zatitatan banatzen du azalpena: oinarrizko teoria (definizioa, zertarako den ona eta zertarako txarra PLE-a ...) eta PLE-aren zati zein osagaiak.
Oinarrizko teoria
PLE bat aprendizaiaren ikuspegi bat da, ez da ez aplikazio ez plataforma bat. Nola ikasten den ulertzeko modu bat da, non ez dagoen inolako azterketarik.
Norberak ezartzen ditu bere helburu propioak eta ikasle den heinean bakoitzak hautatuko ditu ikasteko behar dituen irakasle, eduki eta erramintak.
PLE-aren ikuspegia positiboa izan dadin, ezinbestekoa da formazioa duen ikasle bat, Interneten ikusten duen lehenengo informazioaz fidatzen ez dena. Azken finean, formatuta dagoen profesional bat, pixka bat despistatu daiteke, baina ez ordea gazte batek egiten duen bezala.
Ez dago ez ebaluazio, ez titulu, ez egitura instituzional formalik, ez da ezta ere irakasteko modu bat, ikasteko modu bat baizik.
Doaineko erraminten, baliabideen eta informazio iturrien multzoa erabiltzeko Internetek eskaintzen digun aukera da PLE-a. Gainera, ikasteko eta profesionalki garatzeko aukera ematen digu, pertsonekin kontaktuan jarriz.
PLE-aren osagaiak
1. Bakoitzak hautatzen dituen erramintak.
2. Baliabide eta informazio iturriak (aldizkariak, blog-ak, gure aprendizaierako interesgarriak diren web orriak...).
3. Personal Learning Neatwork ( Konktaktuak mantentzeko pertsonak). Pertsona horiekin bi modu ezberdinetan trukatu dezakegu informazioa.
Sortzen eta partekatzen ditugun objektu digitalen bitartez ( igotzen dituzun eta besteek ikusten dituzten bideoak adb.). Hemen ez dago zuzeneko komunikaziorik, bitartekaria den objektu bat baizik.
Pertsonen arteko zuzeneko komunikazioa ahalbideratzen duten espazioen bitartez: Facebook, Twitter... Azken finean sare sozialek zenbait espazio sortzen dituzte informazioa trukatzeko.
PLE bat ez da informazioa eskuratzea soilik, edota beste batek idazten duena irakurtzea. PLE batean espero dena aktiboki parte hartzea da, kontsumitzailea izateaz gain informazio sortzailea ere izatea.
PLE bat eraikitzeko eta denboran zehar zaintzeko, Karma on bat izan behar duzu, eskuzabala izateaz gainera (jasotzen duzun adina ematen saiatzea). Gainera, konfidantzazko harremanak eraiki behar dituzu, behar duzunean laguntza eskatzea eta besteek behar dutenean ematea ahalbideratzen dizutenak. Hori gertatzen da adibidez Twitter-ekin, izan ere, batek galdera bat egiten duenean erantzun ugari jasotzen ditu.
PLE bat denboran zehar lantzen da, iturriak kenduz eta jarriz, erraminta jakin batzuk erabiliz eta sarean egiten duzuna partekatuz. PLE-ak baliagarriak dira sarean 'bizi' diren horientzat.
David Whitek bisitariak eta bertakoak diren pertsonak bereitzen ditu sarean.
Bisitariak diren pertsonak daude alde batetik. Zerbait nahi dutenean Internetera jotzen dute, erraminta bat erabiltzen dute eta nahi dutena lortzean sarea uzten dute inolako arrastorik utzi gabe. Ez daukate identitate digitalik, mundu fisikoan duten bezala. Interneten, gure identitatea, guri buruz esan eta uzten dugun guztia da.
Bertakoak daude bestetik. Sarean bizi dira, euren eguneroko jardueraren zati bat bertan garatuz. Harreman birtualengandik pertsonalengandik bezain beste eskuratzen dute. Aipatu beharra dago, interaktualki elkartzeagatik harreman horrek ez duela fisikoak baino gutxiago balio, izan ere, oso harreman aberasgarria izan daiteke.
Bakoitzak bere blogean idatzi
ditugun testuak aztertu ondoren, ondorio garbi batzuetara iritsi gara.
Lehenik eta behin, esan dezakegu gure ibilbide akademikoan zehar
ez dugula teknologiarekin kontaktu handirik izan,liburuekin ikasi baitugu. Gaur
egun ordea, eskola gehienak IKT-ak
gehiago erabiltzen hasi dira, batez ere tablet-ak, ordenagailuak eta arbela
digitalak.
Adibidez, taldekide batek
batxilergoko bi urteetan liburuak erabili beharrean ordenagailua erabili zuen
lan tresna moduan, drive, prezi,power point, dropbox, Word…bezelako aplikazioak
erabiliz.
Denbora libreari dagokionez,
aipatu behar dugu, gure garaian, gure lagunekin igaroten genuela arratsalde
guztia, parkean zein herriko plazan. Beraz inguruko jendearekin sozializatzen
ginen, ez baigenuen mugikorrik ezta aparatu elektronikorik ere. Gaur egungo
egoera ikusita ordea, gauza asko aldatu direla hautematen dugu, eta ikusi dugu
sozializazioa sare sozialen bidez ematen dela.
Haurrak pantailaren atzean ezkutatuz aurrez aurreko egoerak sahiesten
dituzte.
Bestalde, generoa eta teknologiari
dagokionez, “mutilen” eta “nesken” jokuak bereizten dira mundu honetan. Haurrei
txikitatik erakusten zaie zein jokutan aritu behar diren, eta norbaitek ez badu
hori betetzen gaizki ikusia egoten da edo baztertuta sentí daiteke, izan ere,
besteek jarraitzen duten bidea ez duela jarraitzen ikustean zerbait gaizki
egiten ari dela iruditzen zaio eta bere ibilbidea erakutsi dioten hortara
moldatzen du.
Ezin izan dugu Movenote erabili eta WeVideo aplikazioaren bidez egin dugu bideoa.
Aurreko sarreran idatzi dudan bezala, argi dago teknologia eskaintza eta hau erabiltzeko era aldatu egin direla urteetan zehar, izan ere, nik Lehen Hezkuntzan egiten nuena eta gaur egungo haurrek adin berarekin egiten dutena ez da berdina. Lehen, ez zegoen internetdun mugikorrik eta ez zegoen horrenbeste bideojoko eta ordenagailu jolasik. Bestetik, egia da, eskaintza aldatu egin bada ere, arlo honetan mutilen eta nesken arteko desberdintasuna ez dela oraindik amaitu.
Umea nintzenean, Ikastolan, generoen arteko desberdintasunik ez nuen nabaritu: denok liburu berdinekin ikasten genuen, egiten genituen lanak berdinak ziren eta teknologiarik erabiltzen ez genuenez ez nuen klasean desberdintasunik jasan mutilekiko. Jolasorduan ordea, interes ezberdinengatik bultzatuta, edo hori da pentsatu nahi dudana behintzat, neska eta mutilen arteko banaketa nabariagoa zen: mutilak futbolean aritzen ziren eta neskak edozein txoko txikitan hitz egiten. Baina kasu honetan, teknologiez hitz egitea tokatzen zaidanez ez naiz gai honetan sartuko eta eskola kanpoko eremuan egiten den teknologia erabilerara mugatuko naiz.
Teknologia (haurrentzat batez ere), beti egon da mutilei bideratua, nahiz eta neskek ere honen erabilera erregularra egin. Gameboy, Playstation, ordenagailuko jokoak...mutilen gauzak direla uste izan da beti. Neskek panpinekin jolas dezatela, mutilek kotxe eta borroka jolasetara jolasten duten bitartean. Hori sartu digute buruan txikiak ginetik, dena bi atal nagusietan bereizten baita : neskentzat eta mutilentzat.
Gameboy Advance Sp
Adibide bat jartzekotan, Gameboy Advance Sp konsola atera eta hortik denbora batera neskentzako gameboy-a larroxa sortu zuten: Gameboy Advance Sp Girls Edition. Zergatik ordea bereizketa hori? Neskak larroxa den zerbait behar ahal dugu guretzako dela sentitzeko? Ez zait batere ondo iruditzen. Berdina gertatzen autoen bideojokoekin, izan ere, telebistako anunzioetan beti agertzen da mutilenbat jolasten. Panpinen jokoa baldin bada berriz neska bat.
Ordenagailuko jokoen orrialdeetan ere, honela bereizten dira joko desberdinak: autoak, borroka, akzioa, sukaldaritza...eta azkenik: nesken jolasak.
Normala da gaur egun ere mutil eta nesken arteko desberdintasuna egotea, oraindik horrelako bereizketak ohikoak baitira XXI.mendean. Hau aldatu beharrean gaude, eta etorkizuneko irakasle izango naizen bezala hau lortzeko borrokatuko dut.
IKT-ko lehenengo klasean, gure haurtzarora itzuli gara, honi buruzko testu labur bat idatziz. Bertan eskolan zein eskolatik kanpo egiten genituen ekintzen inguruan hitz egin dugu, hau teknologiarekin erlazionatuz.
Hori dela eta, 10 minutuko bideo bat ikusi dugu klasean.
Hona hemen bideoaren linka:
Eta hona hemen bideoan esaten denaren laburpena:
Konpententzia digitala, Jordi Adellek dionaren arabera, tramankuelen erabilera baina gehiago da.
Hauek dira bere osagaiak:
1. Konpetentzia informazionala. Informazioarekin lan egiteko balio duen gaitasun, ezagutza eta trebetasun multzoari deritzo. Lan horrek informazioa bilatzea, kudeatzea, ordenatzea, ebaluatzea, sortzea eta batez ere zabaltzea suposatzen du.
2. Informatika. Teknologiak eskaintzen dizkigun erraminten erabilerari deritzo: bideo grabagailuak, kamarak, liburu digitalak, GPS-a, telefono mugikorrak... Teknologia ez da ordenagailuak soilik.
Jordi Adellen hitzetan, gero eta mendekoagoak gara teknologia hauekiko eta hori hala den heinean, gai izan behar gara erabilera arrazional bat egiteko.
Interesgarria izango litzateke, ea tramankulu bakoitza benetan behar dugun ala ez pentsatzea.
Bestetik, bideoan aipatzen den bezala, ez diegu teknologiei behar den probetxua ateratzen, modagatik baino ez baititugu berritzen.
3. Alfabetizazio anitza. 50.hamarkadatik ikus-entzunezko gizarte batean bizi gara eta hau formazioren objektu izan beharko litzateke.
Eskolak ez ditu ikusle kritikoak hezitzen, eta hori aldatu egin beharko litzateke. Eskolak ikusle kritikoak sortzeaz gain, autore kritikoak sortu beharra ditu, ahozko hizkuntza eta liburuen hizkuntzatik haratago.
4. Konpetentzia kognitibo generikoa. Informazio asko dugu, baina hobeto informatuak al gaude? Iturri askotara jo dezakegu, baina badakigu egokiena aukeratzen? Ba al dakigu jasotzen dugun informazioarekiko kritiko eta selektiboak izaten? Ba al dakigu informazio hori ezagutza bilakatzen? Ba al dakigu aurretik genekien guztiarekin erlazionatu eta ezagutza berriak sortzen?
Informazioa ezagutzan bihurtzeko eta askotan gaizki planteatuak dauden arazoei aurre egiteko dagoen konpetentzia kognitibo generikoa ezinbestekoa da. Oinarrizko konpetentzien parte da.
5. Hiritartasun digitala. Mundu birtuala eta errealitatea nahasten diren mundu honetan bizitzeko prestakuntza.
Hiritartasunerako hezkuntzan, hiritar libre, kritiko eta integratuak izaten erakusten digute, arauez beteriko gizarte honetan bizitzen hain zuzen.
Baina mundu digitala ere badago, eta sare sozialetan dugun jokabidea garrantzitsua da. Sare hauetan jokabide egoki bat izaten ikasi behar dugu, kalean egiten dugun antzera.
Baina nerabeak gaizki aholkatuak gaude, izan ere, gure argazki eta informazio pribatua partekatzera ohituta gaude, jakin gabe hemendik 10 urtera, lana bilatzen ari garenean, gure nagusiak hori dena ikusi dezakeela.
Horregatik eskolak, ikasleak, hiritar digital onak izateko hezitu behar du, legalitatea errespetatuz eta euren eskubideen berri egotera lagunduz.
Mapa kontzeptual honen inguruan, beharrezkoak diren zenbait elementu egongo lirateke Jordi Adellen arabera.
1. Estrategia didaktikoak. Aipaturiko gauza hauek betetzeko egokienak diren metodo didaktikoak.
Nerabeak, etorkizunean topo egingo duten galdera horiei erantzuteko, gai izan behar dira, eta eraginez, horretan lan egin beharra da. Erantzun horiek ez dira testu liburuetatik ikasten, metodologia aktibo baten bidez baizik. Gaur egungo galderen erantzunak ikastera soilik ohitzen baditugu, etengabe aldatzen ari den gizarte honetan, ez dira gai izango etorriko diren galdera horiei erantzuteko.
Honen harira, sare sozialetan jokatzen ikasteko sare sozialetan jokatu behar da, makinek nola funtzionatzen duten ikasteko makina horiek erabili behar dira...
Baina gaur egungo kurrikulumean, konpententzia digitalaren garapena erabatekoa izatea oso zaila da.
Bestetik, familiak paper oso garrantzitsua du haurraren konpetentzia digitalaren heziketan eta eraginez, horrek egunekotasunean egiten duenaren berri izan behar dute, hau da, eguneratuta egon behar dira. Eskola eta familia batera egon beharko lirateke gai hauetan.
2. Irakaslegoaren konpetentzia digitala ikaslegoarenakin oso lotua dago.Espezifikoa da, irakasleak teknologiarekin irakasteko dakiena eta jakin beharko lukeena definitzen duelako
3. Konpetentzia honetan eta gainontzeko guztietan lan egiteko eskola proiektuek jaso behar dituzten funtsezko baldintzak (baliabideak eta bitartekoak egotea, lidergoa egotea...)
Nire blog berriari sarrera bat eman nahian nago, beraz nire burua aurkezten hasiko naiz. 19 urteko neska arrasatearra naiz eta Libe Alvarez dut izena. Orain dela urtebete hasi nintzen Donostiako Magisteritza Eskolan ikasten, eta bigarren urte honetan, IKT-ko arloan, lan hau egitea bidali digute.
Arimazubi
Arrasateko Arimazubi ikastolan ikasi nuen bi urte nituenetik hamabi urte nituen arte. Ez dut urte haietan bizi nituen momentuak baino oroitzapen hoberik, izan ere, nire bizitza lagunekin egotera eta klasera joatera mugatzen zen. Goizeko bederatzietan sartzen nintzen ikastolara, nire anai nagusiaren eskutik helduta eta irribarre batekin ahoan.
Gustuko nuen egunero lagunekin elkartzea, haiekin klaseak ez baizitzaizkidan batere pisutsuak egiten. Esan beharra dago ere, gauza desberdin ugari egiten genituela, horrek klaseko dinamika hobetzen zuelarik. Inori gustatzen ez zitzaizkion, baina nik gogoz ikasten nituen ingeleseko abestiak oroitzen ditut, baita IDZtan(ikastetxeko liburutegia)lurrean eserita ikusten genituen pelikulak ere. Korrika igotzen genituen eskailerak, film horiek gustora ikusteko kojin erosoenak lortzea baitzen gure kezkarik handiena.
Baina dudarik gabe, eskulanak eta marrazkiak egiten gozatzen nuen gehien, liburuak alde batera utzi eta nire sormena lantzeko aukera ematen zidatenean. 3.zikloan taldeka egin genuen komikia dut gogoan, baita patio estalia pintatu genuen eguna ere.
Aratusteak
Gaur egungo haurrek ez bezala, lehen hezkuntzako ikasle nintzean, liburuen eta CDen bidez ikasten nuen, ez baitzegoen orain bezainbesteko teknologia eskaintzarik. Goizero klasera joaten nintzean, ez neraman smartphonik poltsikoan, gure garaian ez baitzegoen holakorik. Badirudi, esan berri dudanarekin, 19 urte baino askoz gehiago ditudala, baina ez, unibertsitateko bigarren urtean besterik ez nago, eta teknologiak izugarri garatu dira azken urte hauetan. Honekin batera, eskoletan edukiak eman eta lanak egiteko era ere aldatu egin da, baita hemendik irteterakoan denbora librea aprobetxatzeko modua ere.
Lehen Hezkuntzako ia etapa guztian zehar, klasetik irtetean, aitak nire etxe eta eskola ondoko plazatxo batera eramaten ninduen, non beranduago nire kuadrilako kide izango zirenekin igarotzen nuen arratsalde guztia. Berehala iristen zitzaigun denoi etxera joateko ordua eta horrenbeste gorrotatzen genuen dutxa ordua iristen zitzaigun. Afalorduan etxekoei egunean zehar egindakoa kontatzen nien pozez. Garai hartan teknologiarekin nuen kontakturik handiena kaseteak, telebista eta gameboy-a ziren. Nahiago izaten nuen gainera egun osoa lagunekin pasa, IKT-ekin baino.
Lehen Hezkuntza (6.maila)
Urteak pasa ahala ordea, gauzak aldatzen joan ziren: mugikor berrien agerpena, nintendoaren fama, internet, telebistako programa ugariak...eta horrekin batera, gaur egun ere irauten duen teknologia berrien munduan murgildu ginen denok, taberna bateko terrazan lagun guztiok mobilari minuturo begira bukatu dugun arte. Tristea da, bai, baina tristeagoa da 10 urteko haurrak gure egoera berdinean ikustea. Non geratu dira gaua erori arte irauten zuten ume jolasak? Eta umeengandik horrenbeste miresten dugun inozentzia?
Hala ere, normala da gaur egungo egoera, eskoletan eta ikastetxeetan teknologiekin uneoro baikaude kontaktuan. DBH-tik aurrera hasi nintzen ni aldaketa hau nabaritzen, informatika arloarekin batera. Batxilergoko bi urteetan ere, ordenagailuko Moodle plataformaren bidez egiten genuen dena, apunteak Drive-n edota Word-en egitera ohitu ginen arte. Haurrak, gero eta lehenago hasten dira horrelako gauzekin, baina saihestezina da bizi garen gizarte honetan.
Bukatzeko, esan dezaket, ez nukeela nire haurtzaroa munduko mugikor garestienarengatik ere aldatuko, zoriontsu izan baitnaiz 19 urte hauetan.